Logo

BERMEOKO BALEONTZIA

Logo
Bermeoko Baleontzia

Eraikuntza

Eraikuntza

“AITA GURIA” PROIEKTUA
 
 “Aita Guria” Behargintzak prestatutako proiektua da; dibertsifikazio ekonomikoaren eredu garbia da, Bermeoko ekonomia garatzeko.

 Bermeoko udalerriak egungo arrantza azpiegitura hobetzea du helburu, baina, horrez gain, itsasoari lotutako beste arlo batzuk ere garatu nahi ditu. Horren bidez, turismoa bultzatu gura du, eta, horrela, Bermeoko ekonomia dibertsifikatu. Horrela dago zehaztuta plan estrategikoan. Bestalde, aipatutako arloak garatzeko ideia bat dator Europar Batasuneko arrantza politikekin, Europar Batasuna ere arlo horiek dibertsifikatzearen aldekoa delako. Izan ere, sektorea biziki birmoldatu behar izan zen 80. hamarkadan.

 
Arrantzarekin harreman estua duen jardueretako bat erriberako arotzeria da, egurrezko itsasontziak egitea. Arrantza sektorea birmoldatzeak eragin handia izan zuen sektore horretan ere. Krisiaren ondoren, ez zegoen erriberako arotzik, baina horien zerbitzuak bai eskatzen ziren, kirol ontzien arloan batez ere. Gainera, Kantauriko itsasertzean egurrezko ontziekin lan egiten zuen ontziola bakarra Bermeokoa zen. Horrenbestez, Behargintza zentroak erriberako arotzeria ikastaro bat eskaini zuen. Horren helburua, lan eta ekonomia merkatuan nitxo bat zuten profesional berriei prestakuntza ematea zen.

Era berean, plan estrategikoak dioen bezala, turismo sektorea ere bultzatu beharra dago, tokiko ekonomian dagokion garrantzia izan dezan. Horretarako, proiektu berriak eratu behar dira, badauden enpresentzat mesedegarriak izango direnak, eta enpresa berriak sortzea ekarriko dutenak.


Testuinguru horretan hasi ziren erriberako arotzeria ikastaroak. Horiek prestatzerakoan, ordea, desegitera bideratuta zegoen itsasontzi bat eskuratzeko aukera sortu zitzaion Bermeoko Udalari: Orioko “Beti Aita Guria”. Itsasontzi hori Kantauri Itsasoko egurrezko itsasontzirik handiena zen. Horrekin batera, beste aukera bat ere sortu zen: baleontzi baten erreplika egitea XVII. mendeko planoak erabiliz eta “Beti Aita Guria”ren flotazio-marran oinarrituz. Erreplika hori Bermeorako aisialdi zentro berria izango zen. Gauzak horrela, Udala “Aita Guria” proiektuan (hasierako ontziaren izenaren zati bat mantendu da) lanean hasi zen. Aipatutako proiektuak, gainera, balioa erantsi dio erriberako arotzeria ikastaroari. Ikasleek askoz ere motibazio handiagoa izan dute, horren proiektu garrantzitsua gauzatzeko aukera izatearren, eta benetako proiektu batean profesionalizatu dira. Horri esker, bi helburu lortu dira: alde batetik, ikasleak prestatu eta lan merkatuan jartzea, eta, bestetik, Bermeori itsasoari lotutako beste ondare bat ematea, herrirako garrantzizko baliabide turistikoa dena, hain zuzen ere.


  © Bermeoko Udala 2006